2017.06.26

Zaintzako Euskara Plus ikastaroko diplomak banatu dituzte Azkoitian

Banaiz Bagara elkarteak koordinatzen du gizarteratze programa, eta euskara, lana eta integrazioa uztartzen ditu. Lau herrialdetako partaideek osatu dute taldea: Kroazia, Maroko, Venezuela eta Pakistan.

Diplomen banaketarekin amaitu dute Azkoitiko Euskara Plus programaren bigarren ikastaroa. Hamar lagunek  parte hartu dute bertan, eta menpekotasuna duten edo adineko pertsonen zaintzan beharrezkoa den oinarrizko hiztegia landu dute. Banaiz Bagara elkarteak koordinatzen du gizarteratze programa, eta euskara, lana eta integrazioa uztartzen ditu.

Lau herrialdetako partaideek osatu dute taldea: Kroazia, Maroko, Venezuela eta Pakistan.
San Jose egoitzan egindako saioetan, hiru irakasle izan dituzte; haietako bat, Pako Aristi idazle ezaguna. Nekane Larrañaga eta Marijose Arregi zinegotziekin batera diploma banaketa ekitaldian izan da Aristi. “Batzuek ez zekiten ezertxo ere euskaraz, eta oinarrizko hiztegia landu dugu. Agurra nola egin, arropen izenak… Batek esaten zidan, adibidez, iaz euskaltegira hasi zela, baina ez zuela tutik ere ulertzen. Hau euskaltegira joan aurreko pausoa da, bitarteko bidea”.

Defentsa mekanismoak ere irakatsi dizkie, Aristiren hitzetan. “Esaten diegu beti erabiltzeko mesedez;eskerrik asko;barkatu, ikasten ari naiz eta halakoak. Izan ere, euskaraz hasteak jendeari bihotza irekitzen dio”.

Iturria: Urola Kostako Hitza