2015.06.11

Sagardotegiek 400 lanpostu sortzen dituzte urtean

Gipuzkoako sagardotegiek guztira lanaldi osoko 400 lanpostu inguru sortzen dituzte urtean. Kontuan hartuta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean guztira 40 sagardotegi daudela, batez beste sagardotegi bakoitzean 10 langile hartzen dituzte lanerako.  “Hortik aparte, badira lanaldi mugatuko langileak”, dio Unai Agirre Sagardogileen Elkarteko kudeatzaileak. Bere esanetan, sagardotegietako langile gehienak “bertakoak dira”, are gehiago azken urteotan, izan ere krisialdiaren eraginez etxeetako jendeak lanpostuak galdu dituen heinean, “etxera bueltatu da lanera”.

Hain zuzen, sagardotegi guztiek negozio familarrak izaten jarraitzen dute. Horrek, ordea, ez du esan nahi familiaz kanpoko langilerik ez dagoenik. Tartean badira langile etorkinak, kubatarrak, kolonbiarrak, errumaniarrak. “Langileak hartzeko orduan, euskaraz moldatzea eskatzen zaie, gure lan hizkuntza euskara delako eta bezeroetako asko euskaldunak direlako”, azpimarratzen du Sagardogile Elkarteko kudeatzaileak. Dena den, momentuz ez dago ekimen zehatzik sagardotegietako langile horiek beren euskara hobetu dezaten.

Sagardotegiek urtean 400 lanpostu sortu izanaren arrazoietako bat da %50 inguruk urte guztian irekitzen duela  (beste erdiak txotx denboraldia urtarrilean hasi eta maiatzean bukatu ohi du), batzuek sagardoa txotxetik emanda, eta beste batzuek sagardoa botilatik emanda. Kasu desberdinak dira: menu desberdinak ematen dituztenak, menu bakarra, bazkari eta afariak ematen dituztenak edo enkarguz bakarrik irekitzen dutenak. Horrez gain, “zenbait sagardotegi hasi dira bestelako produktu turistikoak eskaintzen: bisita gidatuak, dastatze komentatuak… hauek ere urte guztian eskaintzen dituzte normalean”, dio Agirrek, eta nabarmendu lan hauez gain, “urte guztian” sagardoa zaindu, botilaratu eta komertzializatzeko lana dagoela, sagardoa “urte guztian saldu eta kontsumitzen baita”.

Sagastiak duenak, urte guztian “zaindu behar du” sagastia, azaltzen du Agirrek. Sagardotegia etengabe lana dagoen lekua denez gero. “Irailetik azaro bukaera-abendu hasierara sagarra bildu eta sagardoa egiten da, abendutik aurrera kupelean dagoen muztio eta sagardoa kontrolatzen da, botilaratu artean (hilabetetan egon liteke sagardo hau kupelean)”.

Sagardotegiek dituzten langileak mantendu eta lanpostu berriak sortzeari dagokionez, lau gauza ezinbestekotzat jotzen ditu Agirrek: lehengaiaren kalitateak (bertako sagarra erabiltzea), produktuaren kalitateak (aurkezteko modua), sagardoa egiteko prozesuak berak (analisia eta bestelako baldintzen kontrolak) eta, azkenik, produktua bezeroaren “eskaeretara egokitzea”. Esaterako, “sektoreak baditu beste hainbat proiektu eskuartean bezeroari produktu gehiago eskaini asmoz, hala nola, sagardo aparduna, ozpina, zukuak, sagardoz, besteak beste”. Horrela, produktuetan berrikuntzak egiteaz gain, zerbitzuetan ere ekintza berritzaile batzuk ari dira bultzatzen sektorean. Azken batean, helburua izanik txotxaren erritua eta zerbitzu turistikoak sortu eta birmoldatzea, Agirrek dio ekimen hauen bidez sagardoaren kultura sustatzeaz aparte, horrek lanpostu berriak ere sortzea ekarriko duela”.