2016.10.14

Industrian lan egiteko, euskaraz ikastearen hautua

Industria arloan euskaraz lan egiteko 40 orduko Euskara Plus ikastaroa egin dugu Hernaniko Karmelo Labaka Ikastetxean, Hernaniko Udalaren laguntzaz.

img-20160927-wa0003

Benetako makina eta herremintak erabiliz, lan egoera errealak simulatzean datza ikasketa prozesuak. Ikastaroa euskaraz egiten da bere osotasunean eta horrela, ikasleek industria arloko ezagutza eta euskarazko komunikazio gaitasunak lantzeko aukera dute aldi berean. Oso ikastaro praktikoak dira eta hizkuntza-portaera, gorputz-hizkuntza eta komunikazio tresnak ere  lantzen dira.

Aniztasuna ere badute ezaugarri ikastaro hauek, eta Hernaniko kasuan esaterako,  Euskal Herria, Ekuador, Bolivia, Senegal eta Kolonbiar jatorriko ikasleak izan dira. Hemen bizi eta lan egiteko euskaraz jakitearen nahiak batu ditu Euskara Plus ikastaroetan; kasu honetan industria arloan lan egiteak.

img_20161004_153820

Banaiz Bagara elkartea 2009an sortu zen, gure gizartean zailtasun egoeran dauden jatorri ezberdineko pertsonek euskaraz bizitzeko aukera gehiago izan ditzaten.  Horretarako Euskara Plus proiektua jarri genuen martxan 2015ean hainbat ikastetxe, erakunde eta enpresatan. Ostalaritza-merkataritza, pertsonen zaintza eta industria sektoreetan euskaraz lan egiteko ikastaro praktikoak dira, komunikazio gaitasunak landu eta lan merkaturako ateak zabaltzen laguntzea helburu dutenak. Bertako zein atzerriko pertsonei beren euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzen lagundu eta euskara eta elkarbizitza uztartzen ditu.

Europako Kontseiluaren Language for work proiektuan oinarritzen da eta bertan parte aktiboa gara Europako hogeita bat estatuko unibertsitate eta elkarteekin batera.

Prestakuntzarako erabiltzen dugun metodologia, praktikoa eta berritzailea, ikasleen beharretara egokitzen da.  Horregatik, edozein sektoretan integratu daiteke.