2016.02.02

“Hizkuntzen faktorea enplegu orientazioan” mintegi-tailerraren ondorioak

Nola lagundu enplegatzaileei beren hizkuntza beharrak identifikatzen? Nola hartu  kontuan gure gizarte elebidunaren hizkuntza beharrak? Lan munduan balio al dute migratzaileen hizkuntzek? Nola eman langileei formazio egokia lan merkatuko hizkuntzak erabiltzeko?

Galdera horiek izan genituen abiapuntu urtarrilaren 22an “Hizkuntzen faktorea enplegu orientazioan” izenburupean egindako mintegi-tailerrean.  Banaiz Bagara Elkarteak antolatuta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera, bertan, enplegu orientatzaileak, hizkuntza hornitzaileak, euskararekin sentsibilizatutako enpresak eta norbanakoak bildu ginen, Matilde Grünhage-Monetti Europako Kontseiluko Language For Work programako koordinatzailearen gidaritzapean.

IMG_1376

Mintegiko gune ezberdinetako parte-hartzaileek, euren arazo eta beharrei buruz hausnartu zuten. Ondoren, gune bakoitzetik ondorio zehatzak jaso genituen, topaguneak eta abiapuntuak sortu ahal izateko. Hau guztia hiru eremu nagusitan bildu da, jakintza-fluxua garraiatuko duen informazio sarea baliatuz:

 

  • Formakuntza egokituago eta praktikoagoen eskaintza zabaldu

Hizkuntza prestakuntzarako programen diseinua elkarlanean eginda denek irabaziko lukete. Gainera, hizkuntza hornitzaileek enpresarien konplizitatea eta inplikazioa eskatu dute hausnarketetan, hizkuntza konpetentziak hobetzeko prestakuntza programetan, enpresen laguntzarekin emaitza hobeak lortzen direla pentsatzen dutelako.

Honekin batera prestakuntza praktikoak eskaintzea da beste erronka bat, lan espazioetan baliatuz, pixkanaka, eguneroko hizkuntza ohiturak ere aldatzeko. Mentore linguistikoaren figura ere agertu da hausnarketetan. Lankideei hizkuntza bat hitz egiteko ardura duen pertsona alegia, Europa mailan asko erabiltzen den metodologia. Aniztasunak dituen onurei probetxua ateratzea da beste erronka bat.

 

  • Tituluez gain konpetentzia linguistikoak baloratu

Dinamiketako gune batzuetan gai honen inguruko hausnarketak egin ziren. Hizkuntza konpetentziak txertatzeari dagokionez, langileek eta enpresariek egokiago ikusten dute konpetentzietan oinarritzea tituluetan bakarrik oinarritzea baino. Aldi berean, lan orientazio prozesua horretarako ere balia daiteke.

 

  • Ideien zabalkuntza emateko lan instituzionala egin

Hizkuntzak lanean ere erabiltzeko kanpainak sustatu daitezke kontzientzia eraikitzeko. LFW   (Language For Work) Europako proiektuak adibide zehatzak ere eskaintzen ditu. Adibidez, enpresek eta instituzioek antolatzen dituzten ferietan hizkuntzen inguruan stand ezberdinak zabaltzea. Garrantzitsua da hizkuntzen faktorea espazio hauetan barne hartzea, (SPRI, enpresa eta langileen topaguneak, lan feriak), bertan dauden enpresei informazio zuzena eskaintzeko.

Migratzaileen hizkuntza potentzialek ere bertan presentzia izatea garrantzitsua litzateke, hauek eskaini ditzaketen zerbitzu linguistikoen berri emateko. Gure gizartean eta enpresetan ere oraindik ez dago kontzientziarik aniztasunaren kudeaketari buruz, eta orientatzaileek honetan laguntza eman diezaiekete behar izanez gero.

IMG_1420

Atsedenaldian gozoki marokiar batzuk dastatu ahal izan genituen

Hemen duzue mintegi-tailerrean ateratako ondorio guztien dossierra.

Eta  hemen European Centre for Modern Languages-ek jardunaldiari buruz idatzitako artikulua.

Eta Matilde Grünhage-Monetti pixka bat gehiago ezagutzeko aukera bideo honetan: