2016.11.30

‘Hizkuntzak ahoz-aho’

hizkuntzak-ahoz-aho

Euskararen esperientzia, pilatutako ezagutza eta ibilbidea munduko beste herriekin partekatzeko sortutako erakundea da Garabide. 2005etik hona harremana izan du, gehienbat Amerikako jatorrizko hainbat herrirekin: maputxeekin, kitxuekin edo nasekin, esate baterako.

Harreman horren barruko parte bat da Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak ikastaroa, ibilbide luzeago baten parte. Hirugarren aldia da ikastaro trinko hau antolatzen duela HUHEZI fakultatearekin elkarlanean. Bertako irakaslea eta Garabide elkarteko kidea da Jon Sarasua: «Aditu titulu bat da, beraz, badu parte akademikoa eta ikasgelan, nagusiki, hizkuntza biziberritzeko estrategia ezberdinak eta arlokakoak azaltzen zaizkie ikasleei». Bederatzi hizkuntza komunitateetatik etorritako 18 lagun ari dira urria hasieratik ikastaroan parte hartzen. «Hizkuntzaren aldeko aktibistak dira, irakaskuntzan dabiltza batzuk, beste batzuk hedabideetan, baina guztiak ere hizkuntzaren inguruko lanetan buru belarri murgilduta daude».

Ikasgelaz kanpo euskalgintzako esperientziak bertatik bertara ezagutu dituzte hiru hilabeteotan eta herriz herri hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartu dute. Astelehenean, Tolosako kultur etxean ariko dira.

garabidek_antolatutako_adi_content

HIZKUNTZEN KOOPERAZIOA

«Hizkuntza berreskuratzeko esperientzia oso onak daude munduan, gurea baino nabarmenagoak. Herri indigenen kasurako, edo hauen inspiraziorako, ordea, euskararen ibilbideak baditu helduleku batzuk beste herri batzuk ematen ez dituztenak», dio Sarasuak. «Hizkuntza biziberritzeko aro modernoaren oinarriak ikastolak, gau eskolak, euskara batua gizarte antolatuak jarri zituen, estatu babesik gabe, gainera. Horrek berezi egiten du gure kasua».

Euskaldun bezala, Hegoaldeko herriekin partekatzeko dugun esperientzia, hizkuntza biziberritzeko prozesua da Garabideren ustez. «Askotan erakunde publikoetatik diru asko ematen da kooperaziorako. Proiektu jakinetara baino, beste ildo bat zabaldu daitekeela uste dugu. Kooperazio linguistikoari heltzeak, gure kasuan, badu zentzua». Tolosako Udalak bat egiten du ildo horrekin eta hitzarmena sinatuta dauka Garabiderekin.

Asteleheneko mahai ingurua babestuko du udalak, Galtzaundi euskara taldearekin batera. Mexikoko nahuatl eta maya, Kolonbiako nasa-yuwe, Beningo bariba eta Ekuadorreko kichwua hizkuntzen berri jakin ahal izango da bertatik bertara. Jon Sarasuak berak eta Kike Amonarriz tolosarrak zuzenduko dute mahai ingurua.

 

Iturria: Tolosaldeko Ataria