2016.05.31

Hitz machine, hizkuntza, aniztasuna eta teknologien elkargune

Euskarriak proiektuaren barnean, Bagera elkarteak eta Donostia 2016k Hitz machine izeneko hiztegi makina amaitu berri dute, eta dagoeneko badu toki finkoa: Donostiako autobus geltoki berria. Makinak oinarrizko 50 hiztegi txiki lortzeko aukera ematen du, euskaratik beste 50 hizkuntzetara eta alderantziz. Europa eta Donostiako hizkuntza aniztasunaz gain, Donostiako euskararen egoeraren errealitatea ikusaraztea du helburu.

Herritar talde batek diseinatu eta garatu du makina azken hiru hilabeteetan, M-Etxea kolektiboko bi kideren gidaritzapean, Tabakalerako Hirikilabsen. Hiztegietarako datu-basea Topagunearen hiztegitxoei esker osatu ahal izan da. Alor anitzetatik osatutako taldea izan da: informatikariak, itzultzaileak, diseinatzaileak, hizkuntzalariak, unibertsitateko ikasleak… Denen artean makina sortzeko fase guztiei egin diete aurre: makinaren ezaugarriak eta funtzioak erabaki dituzte, bere egitura zein itxura izango duen, hiztegitxoak eta zori-esatarien jokoa diseinatu dituzte, softwarea sortu dute, makina eraiki eta funtzionamenduan jartzea lortu dute.

Segundo batzuren buruan, eskura

Hitz machine

Hitz makina, autobus geltoki berrian. (Argazkia: Zuriñe Gonzalez)

Makina bi metro luze eta metro erdiko zabalera duen tramankulua da Egurrez egina dago, eta pantaila bat dauka hiztegitxoen aukera guztiekin. Botoi batzuen bitartez, hizkuntza sakatutakoan hiztegia inprimatu, QR kodearen bitartez deskargatu edo zori-esatariaren jokoa inprimatzeko aukera ematen du. Inprimatzea sakatuz gero, segundo batzuen buruan makinaren zulo batetik irteten da bi aldeetatik inprimatutako DIN A4 tamainako orria. Orriak azalpenak eta marratxo etenak ditu norberak tolestu eta hiztegitxoa prest izateko.

Hiztegitxo horretan alde batean euskarazko hitzak eta esaldi motzak aurki daitezke; eta, beste aldean, norberak aukeratutako hizkuntzaren baliokideak. 50 hizkuntza jasotzen dira orotara hiztegitxoetan, etaEuropako hizkuntza zabalduenez gain, badira beste hainbat hizkuntza ere: tartean, kitxua, sardiniera, amazigera, wolofa, galiziera, katalana edo urdua. Hizkuntzen eta hiztunen arteko ezagutza eta harremanak sortzeko tresna bikaina.