2015.08.31

Hiru hizkuntza barku batean: Lana itsasoan

Eneko Etxegoien, Mater Bi arrantza ontziaren patroi gaztea

Eneko Etxegoien,  Getariko patroi gaztea

Sei portu nagusi geratzen dira gaur egun arrantza komertzialerako Euskal Herriko hegoaldean: Hondarribia, Pasaia, Getaria, Ondarroa, Lekeitio eta Bermeo. Azken urtetan flota eta itsasontzien kopurua ia erdira jaitsi arren, sektoreak lana eta bizimodua eskaintzen jarraitzen du, bertan sartu nahi duenarentzat. Horietako bat da Eneko Etxegoien, 34 urteko Getariako patroia. Patroien artean dauden gazte apurrenetakoa da bera, nahiz eta azken urteetan itsaso lanean berriro gazte gehiago sartzen hasi den, beste sektoreetan dauden zailtasunen ondorioz. Baina orokorrean barkuko lana hemengo gazteentzat ez da “desiozko” lanbidea.

Mater Bi du izena Enekok gidatzen duen barkuak, eta familiatik du ofizioa. Aitona, aita, osabak, denak joan dira itsasora. “Itsasoko lanean zailena konbibentzia da”, esaten du. Hamasei marinelek egiten dute lan 36 metroko itsasontzi batean, eta bederatzi hilabete irauten du sasoiak. Kanpainaka atolatuta dago lanurtea, arrain motaren arabera. Udaberrian, martxotik uztaila arte, sareekin antxoa eta berdela harrapatzen dute. 24 orduko lan eguna da, astelehenetik ostirala arte, eta ahal dutenek etxean egiten dute lo. Uztailatik urria arte, aldiz, hegaluzea harrapatzen dute, kanaberarekin. Hegaluzeen kanpainetan 15 egun joaten dira itsasora, atuna dagoen lekuraino. Irlandako kostan egon zen Mater Bi iaz, hegaluzearen bila. Urrian eta azaroan aldiz, sardinaren bila doaz, berriro kostaldean.

Negua da marinel berriak kontratatzeko garaia

Itsasontziko langileak plantila finkoak dira, normalean urtero berdinak joaten dira itsasontzian, ez bada norbaitek, erretiroa dela edo beste arrazoi batengatik, itsasontzia uzten duelako. Jende berria hartzeko garaia negua da, kanpainak hasi aurretik. Lan bila direnek normalen portuan galdetzen dute ea nobaitek langilerik behar duen, eta patroiekin hitz egiten saiatzen dira. Beste aukera bat da Curriculuma kofradian uztea. Kofradia arrantzaleen erakunde profesionala da, eta rol zentrala jokatzen du arrantzaren sektorean.

Bertako gazteen artean itsasoko lanak interes gutxi pizten duenez, marinel afrikarrak lanean ikustea erabat arrunta bilakatu da gaur egun. Langile falta zegoela eta hasi ziren etortzen duela urte batzuk, asko beraien herrialdean ere arrantzaleak izan ondoren. Mater Bi-n lau senegaldarrek egiten dute lan, bi kantabriarrak dira eta gainerakoak euskaldunak.

Marinel Senegaldarrak, Getariko itxasontzi batean lanean

Marinel Senegaldarrak, Getariko itxasontzi batean lanean

Hizkuntzak ez dira “pegatzen”

Itsasontzian, lanean, hiru hizkuntza hitz egiten ari dira: euskara, gaztelania eta Wolof. Euskaldunak beraien artean euskaraz, senegaldarrak Wolofez eta guztien artean gaztelania. Urte asko elkarrekin eraman arren, hizkuntzak ez dira “pegatzen”. Eneko Etxegoienek uste du nahiz eta euskaldunak barkuan nagusiak diren, besteek euskara oso gutxi harrapatzen dutela, eta berdin alderantziz ere: euskaldunek edo gaztelania hiztunek ez dute wolofa ikasten. Lanaz aparte, komunitateak ez dira asko nahasten. Erlijio eta ohitura ezberdinek baldintztazen dute elkarbizitza. “Bertakoak agian itxiak gara, baina kanpotarrak ere bai”. Baina lanean ekipoa egin behar da, “nahita nahi ez”, dio Enekok, “bestela itsasontzi batean lana ez duzu ateratzen. Denok besteen beharra dugu.” Urte asko daramate arrantzale senagaldarrek Etxegoiendarren barkuan, 12 urte batek eta 8 urte besteak.

Getaria_Kofradia

Kofradia – arrantzaren ardatz profesionala eta komertziala.

Lurrean aldiz, euskara nagusi da Getariako portuan. Elkano kofradian arrain salmenta euskaraz egiten da, eta bertako saltzaile eta erosle eta portuko gainerako langileen artean euskara da hizkuntza nagusia.

“Gaur egun, instrumentuak eta mekanika manejatzea da lanetako parte handi bat.”

Itsasontzi batean enbarkatu ahal izateko, marinel karneta atera behar da, 20 orduko ikastaro baten bitartez. Ikastaroan batez ere segurtasun eta larrialdiko neurriak ikasten dira. “Jakin behar den beste guztia itsasoan bertan ikasten da”, dio Eneko Etxegoienek. Patroiak aldiz, bi urteko formazioa burutu behar du, baxura barku baten ardura hartu ahal izateko.

Patroiaren lantokia itsasontziaren zubian dago. Berak eramaten du lema eta gidatzen ditu maniobrak. Konfiantzazko bi lankide alboan, tresna elekotronikoen bitartez, arrainak bilatzen eta detektatzen aritzen dira.
Bestelako lanak arrain motaren arabera aldatzen dira. Antxoak, berdela eta sardinak sarearekin arrantzatzen dira, eta kasu horretan sarearen manejoa eta arraina saretik atera, gorde eta sarea berriro kolokatzea dira laneko pausu nagusiak. Ia-ia maniobra guztiak makinaria ezberdinen laguntzarekin egiten ari dira.

Getaria_Mater Bi

Kanaberak, barkua portuan dagoelarik

Hegaluzeen arrantza, aldiz, modu tradizionalean egiten du Mater Bi-ko tripulazioak, hau da, amu biziarekin eta kanaberaren bitartez banan banan harrapatuta. Kasu horretan, sei gizonek botatzen dituzte kanaberak, eta beste seik ateratzen dute arraina, kakoaren laguntzarekin. Arrantza mota horrek bai eskatzen duela, oraindik ere, indarra eta teknika.

“Oso lan polita da, tradizioarekin lotuta eta ingurugiroarentzat errespetagarria. Eta poz handia hartzen dugu, kanpaina ona egiten dugunean. Hor ikusten da sektoreak etorkizuna badaukala.”

 

 Eta badaude emakumeak arrantzontzietan?

Getariako arrantzontzi txiki batean bai ibiltzen omen ziren bi emakume, baina 36 metroko itsasontzietan Enekok, behintzat, ez du inor ezagutzen. Baina bere ustez ez dago arrazoi objetiborik emakumeek itsasontzian lanik ez egiteko. “Emakumeak animatuko balira, aukera izango lukete. Gaur egungo teknikarekin, fisikoki emakume batentzat bideragarria izango litzateke lan hori egitea, alde horretatik ez luke arazorik izango.”

GETARIA.+MATER+BI+23

Mater Bi, arrantzontzia (Argazkia: Javier Alvarez)