2015.06.20

Euskara Plus egitasmoaren aurkezpena, Donostiako Co&Art Coworking gunean.

Aurkezpena Donostian 20150612_4

Ekainaren 12an aurkeztu ziren Euskara Plus proiektua eta webgunea, Donostiako Co&Art Coworking ean.

Euskara Plus Banaiz Bagara elkarteak sortutako proiektu berria da. Eskaintzen dituen zerbitzuen bitartez, langile eta lana bilatzen ari diren pertsonen euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzea du helburu.

Aldi berean, enpresa eta lan bila ari direnen arteko zubilana bermatu nahi du, enplegurako aukera berriak sortzeko asmoz. Bide horretan, etorkinen beharrak kontutan hartu dituzte bereziki, baina herritar guztiei zabalduta dago proiektua.

Euskara Plus egitasmoak tresna berri bat izango du aurrerantzean.

Hain zuzen ere, Banaiz Bagara elkarteko zuzendari Petra Elserrek gaur aurkeztu du proiektuaren webgunea: “Langile eta enpresen artean komunikazio zubiak eraiki nahi ditugu. Webgunea langileak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzeko tresna izango da”. Euskara Plusen izaera webgune berriaren leloarekin labur daiteke: Euskara eta enpleguaren plaza, mundu anitz batean. “ Lanbide guztietan sortzen da komunikazioa. Guk komunikazioa eta hizkuntza erabiltzeko aukera eskaintzen dugu. Ez dugu bakarrik hizkuntza irakasten, lanbidean hizkuntza nola erabili ere”, adierazi du Elserrek. Gainera, Banaiz Bagarak ez du bakarrik bezeroekiko komunikazioa nola izan behar duen erakusten, langileen artekoa ere aintzat hartzen du: “Bezeroarekin euskaraz aritu zaitezke, eta gero sukaldera joan eta gaztelaniaz hitz egin lankidearekin. Egunerokoan gertatzen den errealitate bat da hau, baina ez da lan prestakuntza arloan lantzen. Guk hizkuntzaren erabilera inguru elebiduna kontutan hartuta lantzen dugu”, esan du.

Aurkezpena Donostian 20150612

Petra Elser, Banaiz Bagarako zuzendaria, webgunea aurkezten.

Banaiz Bagarak eskaintzen dituen tailerrak formatu eta iraupen desberdinekoak dira. Elkarteko zuzendariaren hitzetan,”hizkuntza ikastaroak eskaintzen ditugu, baina ‘ikastaroa’ hitzak duen kutsu akademikotik aldentuta. Komunikatzeko teknikak irakasten ditugu, baita hizkuntza erabiltzeko beldurrak nola gainditu ere”.

Euskara Plus egitasmoari proiektu piloto batekin ekin zioten Tolosan. Orain gainontzeko herrietan zabaltzeko prest daude, Donostian ere. Bhabendra Bhandari Nepalekoa da, eta duela hiru urte etorri zen Donostiara bizitzera. Egian bizi da, eta euskaraz mintzatzeko gai izan da aurkezpenean: “Elkarteak hainbat gauza erakutsi dizkigu: kurrikuluma nola prestatu, komunikatzeko orduan gaitasuna izatea, bakoitzak dituen arlo onak eta txarrak identifikatzea… Nire euskara ez da oso ona, baina denborarekin hobetuko dudala ziur nago”.

Elserrek elkartearen lanarekin lortu nahi duten beste erronka baten berri eman du: “Etorkin bat ikusten dugunean, kanpotarra denez gazteleraz hitz egin behar diogula pentsatzen dugu. Hori oso barneratua dugu. Hori aldatzea da gure erronka handienetako bat, etorkina ere euskaraz aritu daitekeelako”.

Webgune berrira bueltatuz, langile eta enpresen arteko zubi lana egiteko helburu horren baitan, albisteak ere bilduko ditu atariak. Sagardotegiei buruzko erreportaje bat egin dute, esaterako; langileak noiz eta nola kontratatzen dituzten azaltzen du. Era berean, Kebab jatetxe bateko jabeari egindako elkarrizketa bat dute zintzilik: zerbitzua euskaraz emateko aukera badutela erakutsi nahi dute horrela, etorkina izan arren.

Aritz Sorzabal, Irutxuloko Hitza, 2015-06-12

Aurkezpena Donostian 20150512_1Bhabandra Bhandari, Euskara Plus-eko taldekideak egindako Maroko erako prestatutako luntxarekin.