Euskara moduluak

LaSalleMekanizatua2

Euskara Moduluak lau orduko euskara tailerrak dira, gaztelaniaz ematen diren Formazio Okupazionaleko ikastaroetan edo bestelako lanerako prestakuntzako ikastaroetan txertatzen direnak.

Modulu horiek arlo profesional hauetan eskaintzen ditugu:

  • Zerbitzuen sektorean (merkataritza, ostalaritza, telekomunikazioa…)
  • Zaintza sektorean (pertsona nagusien zaintza, teleasistentzia, etxez etxeko laguntza, erizain laguntzaileak…)
  • Metalgintza/industria (soldatzaileak, mekanizatua, muntaketa, txapa eta pintura….)
  • Modulu orokorrak (Helduen Hezkuntzan – EPAn)

Zer lantzen dugu lau ordu horietan?

  • Lan arloari dagokion hiztegi berezia
  • Hizkuntza portaera, ariketa praktikoen bidez
  • Laneko egunerokotasunean erabiltzen diren hiztegi eta esamoldeak, ariketa praktikoen bidez
  • Lan munduan euskara erabiltzeko aukerak
  • Hizkuntzen eta elebitasunaren inguruko hausnarketa

Nori zuzenduta dago ikastaroa?

  • Moduluak lantalde/ikastalde osoarentzat prestatuta daude, hau da, euskaldunek eta euskaraz ez dakitenek parte har dezakete.
  • Hizkuntza tratamendua, oro har, hizkuntzei buruzko kontzientziazioan, baina baita eguneroko laneko elkarrizketetan ere (euskaldunek ere badute zer ikasi, lantokian zein hizkuntza erabiliko den hitzartu…).
  • Taldearen mailaren arabera, ariketa batzuk guztien artean eta beste batzuk talde txikitan banatuta egingo ditugu.

Zer aukera ematen dituzte Euskara Moduluek?

  • Euskararen munduarekin inoiz harremanik izan ez duten edo, agian, hizkuntzari dagokion kezkarik inoiz izan ez duten pertsonekin hizkuntzen tratamenduari buruzko hausnarketa bat egitea.
  • Pertsona horiek elebitasunarekin dituzten esperientziak, iritziak, beharrak edo zalantzak ezagutzea
  • Euskara laneko hizkuntza izateko, hizkuntza portaera teknikak lantzea.
  • Hizkuntza beharrak lanerako formazioen errealitateari (helduentzako formazio okupazionala) eta etorkizunerako laneko hizkuntza errealitatearen beharrei egokitzea.
  • Hizkuntza arlo edo gai ezagun baten inguruan lantzea (norberak ezagutzen duen makinaren funtzionamendua euskaraz azaltzea, rol play batean pertsona heldu bati hitz egitea, etab.).

Zer emaitza lortu nahi ditugu Euskara Moduluen bitartez?

  • Formazioan bertan euskara presente egotea, nahiz eta formazioa bera gaztelaniaz eman, eta ikasleek eta irakasleak, modulutik haratago ere, lantzen dituzten gaietan bi hizkuntzak kontuan hartu ahal izatea.
  • Ikasleek teknikak eta baliabideak ezagutzea, lanean hasi eta gero, bakoitzaren mailaren arabera euskara erabili ahal izateko eta hizkuntzari dagokion jarrera irekia eta enpatikoa izateko.
  • Ikasleei informazioa ematea, euskarazko baliabideak (hiztegi profesionalak, interneteko atariak) non aurki ditzaketen edo, nahi izanez gero, euskara non ikas dezaketen jakin dezaten.

Ez da soilik etorkinentzat, baina etorkinentzat bereziki baliagarria izan daiteke

Formazio okupazionaleko ikastaroetan etorkinen kopurua bereziki altua da (lanbidearen arabera, batzuetan, % 100a). Etorkin horientzat bereziki baliagarria da moduluen bitartez elebitasunari eta hizkuntza portaerari buruzko informazioa jasotzea. Moduluen ondoren, batez ere lana bilatzeko unean, euskaraz (moldatzeko adina, bederen) jakitearen abantailaz baliatu ahal izango dira.

Modulu horiek 2013an eta 2014an zehar Eusko Jaurlaritzak (Hizkuntza Politika Sailak) finantzatutako proiektu pilotu baten bitartez eskaini genituen.

Nola kontrata daiteke Euskara Modulu bat?

  • Moduluak urteko programa baten barnean: Udalentzat edo bestelako erakundeentzat, Euskara PLUS urteko jardueren baitan, Moduluak ematen ditugu Lanbide Prestakuntzako zentroetan eta Helduen Hezkuntzan, gaztelania ikastaroetan. Modulu bakoitzaren prezioa: 200,00€ (dinamizazioa, ikasmateriala, garraioa barne).
  • Modulu solteak, ikastetxeetan eta formazio zentroetan: 4 ordu, dinamizazioa, garraioa eta ikasmateriala: guztira 300,00€

Informazioa eta kontratazioa:

BANAIZ BAGARA ELKARTEA (9:00 – 18:00)
Andre Zigarrogileen plaza 1,(Tabakalera)
3. solairua (Impact Hub barruan)

20012 Donostia

Tel.: 943 331 455 / 645 733 818
moduluak@euskaraplus.eus