2015.06.12

ELKARRIZKETA. Altaf Mohamed: “Kebapeko bezero gehienak gazteak dira”

DSC_5408-1

Altaf Mohamed 35 urteko pakistaniarra da, eta Kebab izeneko bi komertzioen arduraduna da, bata Andoaingo Kale Berrian dagoena, eta Urnietako Idiazabal kalean bestea. Geroz eta aiseago moldatzen da euskaraz, jatorri ezberdineko jendea euskararen inguruan biltzen duen Banaizbagara elkartearekin ia urte bete ikasten pasa ondoren. Bezeroei poliki-poliki hitz egiteko eta pazientzia edukitzeko eskatzeen die.

Noiztik zabiltza kebab izeneko negozioarekin?
Altaf Mohamed: Orain zazpi urte Andoainen irekitzera animatu nintzen. Nahiko ondo joan da hasieratik, eta horrexegatik, Urnietan bigarrengoa irekitzea erabaki nuen orain bi urte; nire anaia hangoaz arduratzen da eta ni hemengoaz. Andoain handiagoa da biztanle kopuruari begira, kale mugimendu gehiago dauka, eta horregatik izango da lan gehiago sortzen zaigula hantxe. Urnietan oraindik ez gara oso ezagunak, egia esanda.

Zer eskaintzen duzue bietan?
A.M.: 40 bat aukera ezberdin eskaintzen ditugu, Turkiako sukalde tipikotik ateratakoak. Oilaskoarekin edo txekor haragiarekin egindako kebaban oinarritzen dira. Tabernan bertan zerbitzatzen dugu, baina etxerako zerbitzua ere badaukagu, telefonoz hots eginez gero. Inguruko herrietatik ere hots egiten digute (Hernani, Zizurkil, Aduna…). Ondotxo ikasita dauzkagu herri horietako kale izendegiak, eta etxe eskaratzen zenbakiak. Maiz, telefonoz bestalde dagoenaren ahotsa entzutearekin batera, badakigu nor den eta zer nahi duen!

Mohamed Altaf bere jatetxean. Bi haragi mota erabiltzen dira, Kebab egiteko.

Badauka konplikaziorik sukaldeko lanak kebabeko negozio batean?
A.M.: Ez da oso konplikatua, egia esanda. Ez duzu sukaldean oso aditua izan behar. Alemaniatik Gasteizen dagoen biltegira ekartzen da generoa, nahiko egina, eta ondoren Euskal Herriko kebab komertzio guztietara banatzen da. Zailtasunik handiena, suarekin tamainan jokatzeko orduan gertatzen da. Aldi berean, ondo zaindu behar zenbat gatz, esne edo yogurra botatzen zaion.

Zein motatako jendea da zuen bezeroa?
A.M.: Gazteak dira gehienak. Hemengo gazteak jada ohitu dira kanpotik ekarritako jaki eta platerak jatera. Gertukoak egiten zaizkie pitzak, macdonalsak… Helduek errezeloak edukitzen dituzte kanpotik datorren horrekin, ezezaguna egiten zaielako edo. Hori bai, tabernan dagoen heldu horri, tabernan kebab zatitxo bat eskaintzen diot. Probatzera animatzen direnak, goxoa dela aitortzen didate.

Noiz edukitzen dituzue bezeroen eskari gehiago?
A.M.: Asteburuetan izaten da mugimendurik handiena, zalantzarik gabe. Gazte kuadrilak afaltzera-eta etortzen dira tabernara bertara, edo eta telefono bidezko eskaera egiten digute. Azken horiek, denek ere ordu bertsuan nahi izaten dute, eta pazientzia edukitzeko eskatzen diegu, ordu erdi eta ordu beteko tarte horretan iritsiko zaiela-eta etxeraino eskatu dutena.

Zer moduz bezeroekin?
A.M.: Primeran, bai Andoainen baita Urnietan. Harro esan dezaket gure tabernetan inoiz ez dela arazorik egon, ez eta borrokaldirik ere. Badira maiz etortzen direnak tabernara eta horien artean adiskide ugari dauzkat, konfiantzakoak. Bada bat, egunero etortzen dena baserritik. Horrekin euskara ikasten ari naiz egunero pixka bat. Zer esan nahi du honek, zer hark… galdetzen diot, eta berak zintzo erantzuten dit.

Baduzu interesa euskara ikasteko?
A.M.: Noski, nire bezero askoren hizkuntza da eta nik ere horiekin euskaraz moldatu nahiko nuke noizbait, naturaltasun osoz. Zaila da, baina erronka jarrita diot nire buruari. Banaizbagara elkarteak etorkinentzat Andoainen ostiralero jartzen duen euskara ikastarora joan nintzen ia urte betez, Petra Elser irakaslearekin, eta izugarri aurreratu ahal izan nuen. Jarraitu izan banu iruditzen zait honezkero euskaraz primeran hitz egiten jakingo nuela. Kontua da ezin dudala negozioa utzi, eta ezinezkoa zaidala klaseetan parte hartu.

Zer moduz moldatzen zara bezeroak euskaraz mintzatzen zaizkizunean?
A.M.: Gogoko dut horrela joka dezaten nirekin. Elkarrizketa laburrak direnean, zertxobait ulertzen diet. Bestela, lasai! oihukatzen diet. Kontsumizioaren inguruko hitz trukaketak ondo eramaten ditut, ulertzen diet zer eskatu didaten; gero hortik aurrera, gehiago kostatzen zait askatzea hizketan.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?
A.M.: Pakistango ofiziala (Urdu-a), nire jaioterrian herritar xeheek hitz egiten dutena (Panjabi-a), greziarra, gaztelania eta ingelesa eta euskara zertxobait

Noiz heldu zinen hona?
A.M.: Grezian zortzi urte egin nituen eta ondoren Espainiara etorri nintzen, orain dela zapzi bat urte. Eraikuntzako alorrean aritu nintzen, baina krisiarekin amaitu zen hangoa. Lasarten bizi nintzen orduan, eta lagun batek animatu ninduen Andoainen kebab bat ireki nezan.

Bizitza erdia etxetik urrun daramazu. Herri minik sentitzen ez?
A.M.: Bai, alajaina! Han gurasoak eta bi anai-arreba utzi nituen eta gustura asko itzuliko nintzateke hara. Bere sustraiek erakartzen dute gizakia, baina gogorra da errealitatea munduan. Beharrak bultzatzen du emigrazio gehiena, gurea bai behintzat! Zuek euskaldunak ere, lehen Ameriketara joan izan zarete, eta azken aldian Alemania, Frantzia eta horietara abiatzen zaretenean, ez zoazte plazeragatik, lan bila baizik. Egin kontu, Euskal Herrian hiru egunetan lantokian irabazten duzuna, Pakistanen hilabete osoa behar duzula.
Pakistanek baditu baliabide naturalak, berez ez da txiroa, baina munduan leku gehienetan gertatu ohi den bezala, ondasuna oso gaizki banatuta dago, injustizia da nagusi. Soberan daukanak ez dio eman nahi ezer ez daukanari…. Hura ekonomikoki hobetzen denean, orduantxe erabakiko dut itzultzea seguruenera.
Bien bitartean, tarteka etxekoei egiten dieten bisitekin kontsolatzen naiz.