2015.09.18

Donostian lehen hitza EUSKARAZ

lgotipoa

Kanpainaren irudia

Zerbitzu sektorean euskara sustatzeko kanpainaren arrakasta nabaria da

Urrutitik etorri zen Alika Donostiara bizitzera. Esfortzu handia egin zuen euskaraz ikasteko, horrek lana topatzea erraztuko ziolakoan, eta oraindik ere nabaria zaio bere jatorria lehen hitza esaten duen aldiro eta harro sentitzen da hortaz. Aspaldi jabetu zen ordea, etxetik jaitsi eta eguneroko enkarguak egiterako orduan, jende gehienak ez ziola euskaraz egiten. Eta amore eman zuen.

Donostia hiriburu euskaldunena da baina, ezagutza eta erabileraren aldeko tartea oso nabaria da oraindik ere; 122.000 dira, -ia %70a- euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai, baina, %16ak besterik ez du erabiltzen.  Iaz Donostiako Udalak, “Udalean ere euskaraz” kanpaina abian jarri ondoren, hiriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskara sustatzeko asmoz, “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” kanpaina martxan jarri zuen.  Egitasmo honekin, bezeroei euskaraz hitz egiteko aukera ematen dieten establezimenduak identifikatzea eta hauek sustatzea dute helburu, ahozko harremanetan euskararen erabilera areagotzeaz gain.

denda txantxo

Kanpainaren itsasgarria erakusleihoan

Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduek “Hemen ere euskaraz”, “Dendan euskaraz” eta antzeko esaldiak dituen eranskailu koloretsu bat dute atean, bertara sartzen denari lehen hitza euskaraz egitera animatuz. Dagoeneko 620 establezimendutik gora dira ekimenean parte hartzen dutenak eta Donostiako Euskara zerbitzuaren web orriak jasotzen ditu denak, mapa interaktibo baten bitartez.

Merkatariak pozik

Mapa horretan ageri da Gros auzoan kokatuta dagoen Auspandegi Naturdenda. Bertako jabea den Iker Aranzegik hasieratik hartu zuen parte ekimenean, bere ustetan “hirian euskara bultzatzeko modu bat delako”.

denda

Auspandegi Naturdena

Jende askok denda batean sartzerakoan lehen hitza gazteleraz egiten du, ohitura duelako edota askotan entzun dituelako “no sé euskera, háblame en castellano” bezalako esaldiak, dio Ikerrek. Itsasgarria dendako atean duenetik jende gehienak lehen hitza euskaraz egiten diola dio, nahiz eta gero batzuei  kosta egiten zaien euskaraz jarraitzea.  Bere ustetan bizimodua euskaraz egiten duenari, merkataritzan gazteleraz ibili behar izateak “moztu egiten dio”, ez delako bere esparru naturala; “Euskaraz egiten diozunean erosoago sentitzen da eta harremana estuagoa da” dio.

Baikortasunez diosku Gros bezalako auzo handi batean posible dela euskaraz bizitzea eta bere lanean ere, ehuneko handi bat euskaraz egiten duela, bertako hornitzaileekin lan egiten baitu. Oraingoz dendan bera bakarrik dagoen arren, norbait kontratatu beharko balu, euskaraz dakien norbait izango litzakela argi du.

Izen-ematea

Euskara sustatzeko egitasmo honetan parte hartzeko aukera dute, bezeroei arreta egiten dieten langileen erdiek gutxienez euskaraz egiten duten establezimenduek. www.merkatari.eus atarian eskaera egin behar da horretarako, galdetegi bat beteaz.  Itsasgarria atean jarri eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatzeko konpromisoa hartu eta  trukean establezimenduaren sustapena egingo da mapa interaktiboaren bitartez.

mapa interaktiboa

Kanpainan parte hartu duten saltoki guztiak mapa interaktiboan topa daitezke

Bere enpresan edo lokalean euskararen presentzia areagotu nahi duenarentzat ere badira hainbat zerbitzu eta laguntza euskara zerbitzutik, kanpoko errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak, testuen itzulpen edo zuzenketa edota menuak eta errotuluak euskaratzeko baliabideak besteak beste.

Egun, Alika pozik joaten da erosketak egitera, trago bat hartzera edo kiroldegira,  “hemen ere euskaraz” atean duten establezimenduetan euskaraz  egiteko aukera    izango duela dakielako.

alika

Dendan ere euskaraz