2017.09.02

COMBI jardunaldia Donostian: Adinekoen zaintzan, nola hobetu komunikazioa hizkuntza gutxituetan. Hausnarketak.

Hori izan da ardatz nagusia Donostian, ekainaren 7an eta 8an, ospatu ditugun jardunaldietan: “Lan eremu elebidunetan komunikatzea: nola lagundu profesional guztiei kalitatezko zaintza eskaintzeko hizkuntza-gaitasuna lortzen?”

Erasmus + programaren barruan garatzen den Proiektu honek bost herrialde ezberdinetako sei bazkide biltzen ditu: Fryske Akademy (koordinatzailea, Herbehereak), Elhuyar Aholkularitza (Euskal Herria), Banaiz Bagara elkartea (Euskal Herria), Axxell Utbildning AB (Finlandia), Swansee Unibertsitatea (Erresuma Batua), Centro per lo Sviluppo Creativo “Danilo Dolci (Italia).

Elhuyar aholkularitzaren eta Axxel formazio zentroaren gidaritzapean antolatu ziren jardunaldi hauetan herrialde ezberdinetako kideek hartu zuten parte, irakaskuntza, hizkuntza, immigrazioa edota zaintza sektoreko profesionalak, denak. Lan eremua eta hizkuntza kudeaketa izan zituzten eztabaidagai, horretarako  hitzaldi eta tailer ezberdinak erabiliz. Arretaz aztertu ziren, esaterako,  Hizkuntzak ikasteko  metodologia berritzaileak,  zaintza sektorean dauden hizkuntza politikak, migratzaileen  hizkuntza beharrak, ea..   Izan ere, COMBI proiektuaren helburua  guztien arteko elkarlanetik abiatzea da, denen artean garatzeko zaintza sektorean aritu behar duten profesionalei lantokian eskatzen zaizkien hizkuntzen komunikazio gaitasunak hobetzeko metodoak..

Gwennan Higham

Swansee Unibertsitateko Gwennan Higham-ek aurkeztu zuen COMBI proiektuaren lehenengo fasea, beharrak aztertuz eta   praktika onak aholkatuz,   eta Banaiz Bagara elkarteko Petra Elser-i eta Elhuyarko Ana Labaka-ri egokitu zitzaion aurkeztea bigarren fasean landuko den. Irakasleen eskuliburuaren lehenengo eskema. Horretaz gain, “input” handia eman du jardunaldiak.

Hitzaldi andana entzuteko aukera izan genuen,   oso ekarpen  interesgarriak eskainiz eta gaian zentratutako goi mailako ereduak ezagutzera emanez.  Ez dugu, zoritxarrez, nahiko lekurik guztiak hona ekartzeko, baina ondorengo lerroetan proposamen batzuk aipatu nahi genituzke.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen Kabia erakunde autonomo berriarena da horietako bat. Bertako gerentea den  Arantza Lekuonak azaldu zuen euren hizkuntza politika. Izan ere, erakunde horren baitan hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibideak ezarri dituzte, bai adineko edota mendekotasun egoeran daudenentzako zentroetan, hala nola eguneko zentroetan ere. Aipatzekoa da, bereziki, jarraibideok euskaraz eta gaztelaniaz egoteaz gain, beste  hainbat hizkuntzatan ere badaudela,  hala nola, italieraz, galesez, finlandiarrez edota suedieraz, esate baterako. Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Diputatuak ere aipatu zuen zaintza alorrean hizkuntzak duen garrantzia; “uste dugu zaintzak integrala eta kalitatezkoa izan behar duela, hau da, pertsonaren behar guztiei erantzuna emango diena. Hain zuzen, kalitatezko zaintzak pertsonaren eskubideak bermatzen ditu. Baina kalitatezko zaintza eta arreta ez dira ulertzen hizkuntza berdintasuna txertatu gabe … Horregatik da hain aproposa COMBI proiektua, helburu duelako hizkuntza gutxituak irakastea modu erraz eta erakargarri batean.”

Frisiako “Afûk” erakundeak eginiko ekarpena, bertako hizkuntza bultzatzea helburu duenak, adierazgarria izan da, zaintza sektorean praktika onak ezartzeko orduan. Haiek aurkeztutako proiektuak, “Belibje it wer” (“esperimentatu”) izenekoak, arrakasta handia izan du zaintzaile zein erabiltzaileengan. Proiektuaren muina zein da? Frisiako kultura bidaia maleta batean sartzea.. Honekin erabiltzaileak memoria lantzen du, eta, era berean, oroitzapenen bitartez zaintzaileak hizkuntza eta kulturaz gehiago ikasteko aukera du. Zahar egoitza eta zaintzako profesionalen irakaskuntza zentroetan arrakasta handiz erabili dute.

Xabier Aierdi  soziologo eta COMBI proiektuko aditu taldeko partaideak,  –  eta Gorka Moreno Immigrazioaren Behatokiko zuzendariak, euren aldetik, – immigrazioaren bilakaera aztertu zuten, migratzaileek dituzten behar orokorrak eta hizkuntza behar zehatzak zehaztuz . Aipatu zutenez, emakume hegoamerikarrak dira Euskal Herrian azken urteetan eman den migrazioaren protagonista nagusiak, eta pertsonak zaintzera bideratua izan da, nagusiki, haien lan ahalmena. Industria egon badagoen arren, lan egiteko jende espezializatua  eskatzen dute bertan eta, beraz, sektore horretan lanean diharduten etorkinen kopurua ez da horren handia. Egoera sozioekonomikoaren ondorioz,  pertsona helduak zaintzeko gehienbat emakume etorkinak kontratatzen direla aipatu zuten, eta horrek immigrazioaren feminizazioa eragin duela, batik bat.

Gorka Moreno eta Xabier Aierdi

Formakuntza profesionalari dagokionean, Kepa Altube “Laneki-Jakinbai” erakundeko zuzendariak azaldu zuen materiala euskaratzeaz gain, hizkuntza irakaskuntza alderdi praktikora egokitu beharra dagoela. Honela, hizkuntza lanbideak eskatzen dituen beharretara hizkuntza egokituz zerbitzua profesionalagoa bilakatuko baita.  Jakinbai espezializatua dago lanbide heziketako materiala euskaratzen,  webgune batean irakasleei eskainiz lan baliogarri hori. https://labur.eus/tFkm3

Gauza bat geratu zen argi Donostian ospaturiko jardunaldi hauetan: hizkuntza gutxituak lan munduan txertatu nahi baditugu guztiz beharrezkoa dela erakunde, enpresa, langile zein irakasleen adostasuna eta inplikazioa.. Mahai gainean jarri zen konstatazio ezin argiagoa: komunitate osoak inplikatu beharra daukala helburuak lortu nahi baditugu, beti ere  bakoitzaren beharrak eta nahiak kontuan hartuta.

Bi egunetan, 100 pertsona hartu dute parte jardunaldian

 

Aurkezpen guztiak PADLET orrian kontsultatu daiteke eta laster ere www.combiproject.eu web orrian.