2016.12.14

ANITZ-LAN, munduko gozogintza dastatzeko euskaraz eta elkarlanean sortutako proiektua

Euskara eta elkarlana izan dira proiektuaren ardatza

Pastak erosteko puntu ezberdinak ezarri dira eta 5, 10 eta 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira

 

“Munduko gozogintza, kaxa txiki batean”, hori da Anitz-lan proiektuak eman duen fruitua, herrialde ezberdinetako pastak dastatzeko aukera. Mexikoko, Errumaniako eta Marokoko pastak ditu eta dagoeneko salgai daude 3 tamaina ezberdinetan 5, 10 eta 15 euroren trukean.

Jatorri anitzeko pertsonek euskaraz lan egiteko aukerak izan ditzaten jarri dute martxan proiektua Lakari Kooperatibak eta Banaiz Bagara elkarteak elkarlanean, La Caixa Fundazioaren babesarekin.

Fase ezberdinak izan ditu proiektuak: Lehena, Astigarragako Udalak eta Banaiz Bagara Elkarteak eskainitako hizkuntza ikastaroa izan zen. Atzerritarrei lanerako euskarazko konpetentziak irakasteko helburuz sortutako ostalaritza ikastaroa. Ondoren, ikasleetako batzuek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute eta Lakari Kooperatiban gauzatu da proiektuaren bigarren fasea. Enpresarean ekintzailetza azokan egindako Arin-arin saioan aurkeztu zen proiektua eta hau irabazi zuen Kaixomaitia euskaldunon harremanetarako guneak, bere sariaren erdia proiektu honen komertzializazioan laguntzeko baliatu zuen.

Etorkinen kultura eta produktua gehiago ezagutaraztea ere izan da Anitz-lanen helburuetako bat eta landu diren errezetak parte hartzaileek euren herrialdeetatik ekarri dituzte. Honen bidez, etorkinek gure gizartean eta ekonomian ekarpen handia egin dezaketela erakutsi nahi du Anitz-lan proiektuak: laneko konpetent­ziak, produktu berriak, kultura ezberdinak… eta aldi berean hemengo lan egiteko era eta hizkuntza – euskara –  partekatu nahi izan dira haiekin.

Proiektuan parte hartu duten Hector, Abdellatif eta Adriana Astigarragako herritar langabetuek proiektu honek eman dizkien gaitasunen bitartez – euskara eta sektoreko ezagutza, besteak beste – etorkizunean lan aukera gehiago izatea espero dute.

Anitz-lan proiektuak Mexikoko, Errumaniako eta Marokoko pastak dastatzeko aukera ematen du eta 3 tamaina ezberdinetako kaxak ekoitzi dira 5, 10 eta 15 euroren trukean eta Lakari eta Banaiz Bagararen bitartez eskuratu daitezke.

 

Banaiz Bagara elkartea, 943 331 455 | Donostia, Impact Hub, info@banaizbagara.eus

Lakari Koop., 943 13 36 94 | Zarautz, Araba kalea, 33 info@lakari.eus